2014(e)ko irailaren 13(a), larunbata

EUSKAL KANTAGINTZAREN HARRIBITXIAK - Edorta Amurua



Batzuetan, kantagile baten lan jakin batzuek arrakasta lortzen dutenean, ondorio tamalgarri bat eragiten du gainontzeko obra guztietan. Arrakasta horren dizdirak ez du uzten sortzaile horren lana bere osotasunean ezagutzen, eta hainbat ale, merezimendu osoz arrakasta maila bera izateko duin direnak, itzalpean mantentzen dira, inoren arreta erakartzea lortu gabe. 

Euskal kantagintzan ere badira horrelako kasuak, oihartzun eskasa izan duten artelanak aurkitzen dira ezagunago bihurtu diren kanta haien artean, garai bateko disketako "B" aldea osatzen zutenak.

Kantaldi honen bidez, kantu horiek suspertu nahi izan ditut, maitasunez betetako begirada batekin.

 

2014(e)ko apirilaren 24(a), osteguna

"Hauxe da ura", David Foster Wallaceren hitzaldia euskarazko azpitituluekin

Euskaratzailea: Antonio Casado da Rocha

(Azpitituluak ikusteko: "Select Language>Basque)


(Artikulu honetan oinarritua)

2014(e)ko otsailaren 2(a), igandea

Bertako Haziaren Jaia 2014


   

   Ohartzerako, bosgarren ediziora iritsi da Bertako Hazien Jaia. Xumetasunez, maitasunez eta adiskidetasunez elikatutako ospakizuna da honako hau, gaur egungo bizimodu azkarrean lekurik ez duten gauza horien aldarria heda dadin. Haziak eta hazien inguruko ondare kulturala babesteko asmoarekin batuko gara urtero bezala, trukean eta solasean aritzeko eta aniztasuna gure artean zabaltzeko asmoz.
   Aurtengoan jaia bikoiztu zaigu, ikusi baitugu haziei buruzko kezka zabaltzen doala; otsailak 8an Elizondon izanen gara (Merkatu plazan) eta 22an Beran (Toki Ona institutuan). Antolaketa aldetik, guztiz horizontala izanen da, edozein etor daiteke, bere haziak partekatu, eritziak azaleratu, informazioa eskuratu, eta aldi berean baratzetako emaitzak dastatu.
   Haziak abiapuntutzat harturik, hainbat hausnarketa sortzen dira, dela elikadura burujabetza, ekoizpen ekologikoa, ondare kulturala, edo transgenikoen afera. Denei buruz eritziak emateko aukera izanen dugu bi gune hauetan, gure elikaduraz eta nekazaritzaren egoeraz arduratuak gaudelako, eta uste dugulako arlo hoiek ez direla enpresa handien esku utzi behar.
   Haziaren jaiaz gain, Bidasoaldeko Hazi Sareak urte osoan egiten du lan gure inguruan irauten duten barazki, fruitondo eta laboreen barietate bereziak ez ditezen gal; baserrietan ikertzen ari gara aldaera guzti hoien zerrenda bat egin eta ekoizpena bermatzeko. Hazien Babeslekua sortu dugu Oronozen, denen eskura egon ditezen lortutako barietateak.