Ohartzerako, bosgarren ediziora iritsi da Bertako Hazien Jaia. Xumetasunez, maitasunez eta adiskidetasunez elikatutako ospakizuna da honako hau, gaur egungo bizimodu azkarrean lekurik ez duten gauza horien aldarria heda dadin. Haziak eta hazien inguruko ondare kulturala babesteko asmoarekin batuko gara urtero bezala, trukean eta solasean aritzeko eta aniztasuna gure artean zabaltzeko asmoz.
Aurtengoan jaia bikoiztu zaigu, ikusi baitugu haziei buruzko kezka zabaltzen doala; otsailak 8an Elizondon izanen gara (Merkatu plazan) eta 22an Beran (Toki Ona institutuan). Antolaketa aldetik, guztiz horizontala izanen da, edozein etor daiteke, bere haziak partekatu, eritziak azaleratu, informazioa eskuratu, eta aldi berean baratzetako emaitzak dastatu.
Haziak abiapuntutzat harturik, hainbat hausnarketa sortzen dira, dela elikadura burujabetza, ekoizpen ekologikoa, ondare kulturala, edo transgenikoen afera. Denei buruz eritziak emateko aukera izanen dugu bi gune hauetan, gure elikaduraz eta nekazaritzaren egoeraz arduratuak gaudelako, eta uste dugulako arlo hoiek ez direla enpresa handien esku utzi behar.
Haziaren jaiaz gain, Bidasoaldeko Hazi Sareak urte osoan egiten du lan gure inguruan irauten duten barazki, fruitondo eta laboreen barietate bereziak ez ditezen gal; baserrietan ikertzen ari gara aldaera guzti hoien zerrenda bat egin eta ekoizpena bermatzeko. Hazien Babeslekua sortu dugu Oronozen, denen eskura egon ditezen lortutako barietateak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina