Adiskide berezia dut Antonio (bertze guztiak bezala, bestalde); urteak dira bion artean elkarrizketa etengabe bat sortu zela, eta urte hoietan bizipenen eta pentsakizunen etengabeko loturak korapilatzen joan dira gure artean.
Uste dut batak bestea begirune handiz ikusten dugula; izan ere, hein batean, gutako bakoitzak egin duenak bertzearen mugak islatzen ditu, argazki negatibo baten moduan. Antoniok Thoureauren idazlanak aztertzen eta itzultzen zituen bitartean, nik basoaz inguraturik bizitzea erabaki nuen, teoria praktika bihurtuz; baina aldi berean, nire gotorleku pluskuamperfektu horretatik, Antonioren jakinduria eta jarduna inbidia kutsu batekin bizi nuen. Internet aintzineko garai hartan, paperezko eskutitzak ziren gure arteko zubia (bereak batzuetan marraskilo bazka bilakatu ziren arren), eta, bakoitza bere uhartetik, mundua eta bizitza aztertzen saiatzen ginen.
Nire emaitzak, eskulan xumearenak ziren: baratzea, zurezko tramankuluak, irina eta abar; Antoniok, berriz, bertze arlo bat lantzen zuen: liburuak idazten ditu. Liburu hoietako bakoitza mirari bat bezala bizitu nuen, bertan agertzen bait zen elkarrekin genuen elkarrizketa etengabearen isla. Antonioren liburuak ez bait dira estilo ariketa hutsak, kontzeptu pilaketa eruditoak, galdeketa eta bilaketa personal baten ondorioak baizik. Antonioren idazlanak ez dute ezer soberan; erran nahi duena soilik agertzen da, eta atzetik duen eraikin teoriko mardula ez da begibistan azaltzen, baldin eta oharretara jotzen dugun arte. Oharretan ikusten da aurreko lan guzti hori, baratzeko goldaketa, jorraketa eta indusketa guztien antzera.
Lan handia egin behar da emaitza jasangarria eta arina izateko, eta horretan maisu da Antonio; hitz gutxitan jakinduria asko banatzen du, eta hori eskertzekoa da. Agian laburtzeko ohitura horrek eraman zuen poesiaren bidera, eta poesiaren baitan laburtasun supremora, haikuen erresuma esklusibora.
Orain, "más difícil todavía" zahar horren oihartzunarekin, hizkuntza ezohizkoan ari zaigu Antonio; liburu xumea, orrialde gutxietan urte hauetako gorabeherak islatzen dituena, bere betiko begirada jakintsuarekin. Esku ezkerraz hartu, eta irakur dezagun...
Edorta! Zubietara eroan nauzu, eta orain Makilipurdiren gailurreraino!! Pozten naiz batez be zure blog honetan berriz idazten ari zarela ikustean, nire kariaz bada ere.
ErantzunEzabatu20 urte izan dira, bai, eta deskribatzen duzun sentipena ere nirea da. Inbiriya pixka bat ere badizut, gu bion artean benetako Thoreauzalea zu zarelako; baina gure artean inbiriya "begirune seinalerik handiena" izan ohi da.
Uste dut hitzezko zubi honetan zuk gehiago jarri duzula nik baino: Irlandara abiatu aurretik koaderno ederra eman zenidan, eta nik bueltan nire amodio penagarrien berri baino ez nizun ekarri...
Nire liburuetan jende aunitz dabil eta gauza onak baldin badira, dudarik gabe, zuek jarritakoak dira. Aukeran ni barraskilo horren antzera naiz, papera jatea gustuko duena. Eta zure postontzian beti aurkitu dut ahora zer eroan!
Ez dut irakurketa baldintzatu nahi, baina nago nire liburuak agian jaso duela merezi duen baino arreta gehiago, akats asko baititu (44. orrialdeko errata hori, kasu).
Niretzat, pertsona bezala, liburu hau idaztea eta argitaratzea izan da garrantzitsua oso, nire hautuen mugarri. Lehenengo aldia izanik, agian esperimentu gehiegi egin ditut, zintzotasunaren kalterako. Sakontasunarako bidea jarraitzen saiatuko naiz hemendik aurrera.