2011(e)ko azaroaren 28(a), astelehena

Esku Ezkerraz: Lehen begirada


   Adiskide berezia dut Antonio (bertze guztiak bezala, bestalde); urteak dira bion artean elkarrizketa etengabe bat sortu zela, eta urte hoietan bizipenen eta pentsakizunen etengabeko loturak korapilatzen joan dira gure artean.
   Uste dut batak bestea begirune handiz ikusten dugula; izan ere, hein batean, gutako bakoitzak egin duenak bertzearen mugak islatzen ditu, argazki negatibo baten moduan. Antoniok Thoureauren idazlanak aztertzen eta itzultzen zituen bitartean, nik basoaz inguraturik bizitzea erabaki nuen, teoria praktika bihurtuz; baina aldi berean, nire gotorleku pluskuamperfektu horretatik, Antonioren jakinduria eta jarduna inbidia kutsu batekin bizi nuen. Internet aintzineko garai hartan, paperezko eskutitzak ziren gure arteko zubia (bereak batzuetan marraskilo bazka bilakatu ziren arren), eta, bakoitza bere uhartetik, mundua eta bizitza aztertzen saiatzen ginen.
   Nire emaitzak, eskulan xumearenak ziren: baratzea, zurezko tramankuluak, irina eta abar; Antoniok, berriz, bertze arlo bat lantzen zuen: liburuak idazten ditu. Liburu hoietako bakoitza mirari bat bezala bizitu nuen, bertan agertzen bait zen elkarrekin genuen elkarrizketa etengabearen isla. Antonioren liburuak ez bait dira estilo ariketa hutsak, kontzeptu pilaketa eruditoak, galdeketa eta bilaketa personal baten ondorioak baizik. Antonioren idazlanak ez dute ezer soberan; erran nahi duena soilik agertzen da, eta atzetik duen eraikin teoriko mardula ez da begibistan azaltzen, baldin eta oharretara jotzen dugun arte. Oharretan ikusten da aurreko lan guzti hori, baratzeko goldaketa, jorraketa eta indusketa guztien antzera.
   Lan handia egin behar da emaitza jasangarria eta arina izateko, eta horretan maisu da Antonio; hitz gutxitan jakinduria asko banatzen du, eta hori eskertzekoa da. Agian laburtzeko ohitura horrek eraman zuen poesiaren bidera, eta poesiaren baitan laburtasun supremora, haikuen erresuma esklusibora.
   Orain, "más difícil todavía" zahar horren oihartzunarekin, hizkuntza ezohizkoan ari zaigu Antonio; liburu xumea, orrialde gutxietan urte hauetako gorabeherak islatzen dituena, bere betiko begirada jakintsuarekin. Esku ezkerraz hartu, eta irakur dezagun...

2011(e)ko urtarrilaren 18(a), asteartea

Txaro Zozaiakoa, In memoriam

   Noizbait gazte izan gara, eta mundua abenturaz eta misterioz betetako bide bat bezala irudikatzen genuen. Bakardadearen sakontasuna eta adiskidetasunaren erronkak berridatzi behar ziren egunero; egun bakoitzak ba zituen bere galderak eta bere erantzunak, eta haiei so bizi ginen, biharkoaz arduratu gabe baina geroa ereiten.
   Bihotzak arnasa hartu beharra zuen, eta mendietan barna bilatzen zuen perspektibaren bilakaera erradikala, sustraietatik gailurrak ukitzera eramaten gintuena. Hor, mendietan, Friedrichen kuadroetako atmosfera berritzailea bilatzen genuen, eta mendietan eta basoetan bere bizimodua laketzea lortu zutenei mirespenaren ordaina adierazi genien.
   Horrela iritsi nintzen Zozaiara, bakardadea bere soiltasunean dastatzeko asmoz, eta han aurkitu nuen Txaro, unibertso baten jabe, ingurune baten sortzaile. Etxea, baratzea, animaliak, dena zen kontakizun fantastiko baten antzekoa. Sutondoan kanta xumeak, hitz gutxitako esaldiak, hezetasunaren hozka gupidagabea... Zozaiara joatean, bakoitzak bere buruarekin zituen kontraesanak eta samindurak areagotu eta zorrozten ziren, baina aldi berean bizitzarekin hitzarmena sendotzen zen.
   Gero, etorri ziren bizitzako proiektu "serioak", umeak, maitasunak eta gorrotoak, baina beti lehenbiziko begirada garbi horren menpean.
   Lehenbizi heldu zena, lehenbizi joan da, baina bere irudimeneko pertsonaiak izaten jarraituko dugu...