2013(e)ko urriaren 3(a), osteguna

Hegaztiak poesian eta kantuan

   Urteak daramatzat kantuak biltzen eta berritxuratzen. Nire eskuetatik eta eztarritik milaka abesti pasa izan dira, bakoitza berezia, beti bizipen sakonekin zerikusia dutenak, nolabait nire kantuak izatera iritsi arte. Metaforen erreka oparoan edan izan dut, eta bigarrengo eskukoak izanda ere ez dira arrotzak, autoreak munduratzean besteengan bilatzen zuen enpatia hori niregan bete-betekoa izan bait zen.
   Irudi, tropo eta hizkuntza-jokoen barnean, ba dira beti errepikatzen direnak, eta hain ditugu barneratuak, ez garela ohartzen zein sakon eta borobilak diren. Horien  artean, dudarik gabe, hegaztiek dute leku apartekoa. Zer litzateke poesia hegaztien aipamenik gabe? Amets zoriontsu batetik aldeginak dirudite hegaztiak, gizatasun soila lur azalari loturik egon den bitartean, guztiz helduezina zitzaigun zerua ukitu eta zeharkatzeko gai zirenak. Aldi berean hauskorrak eta hilezkorrak, xumeak eta haundinahiak, gizakiaren aldaera eta emozio guztientzako badute ezaugarri nabarmen bat. Giza emozio bakoitzak, dela estuasun pertsonalen baitan edo dela gizarte mailako egoera,  badu isla berezia izaki hegalarien munduan. Behin hegaztiak ezagutzen eta bereizten hasi ezkero, gizakumeak beti aurkituko ditu bere eguneroko jardun eta gorabeherak ilustratuko dituen adibideak.
   Txepetxaren umiltasuna, enararen etengabeko bidaia, hontzaren azkartasun eta zuhurtzia, bele jendearen adimen ikaragarria, arranoen nagusitasun zerutiarra... Denak daude hor, begibistan, gure irudimena elikatzeko zai. Poetek, kantariek, armagabeko ehiztari lez, hegaztien arima erratua lapurtzen dute eta gure esku uzten, gerora metafora lumadunez ase gaitezen, hegaztiek baitute, guk jakin ala ez, giza bizitzaren giltza metafisikoa.







2013(e)ko uztailaren 6(a), larunbata

Simplify, Simplify! Thoreauren ondarea


   Munduko gauza on guztiak aske eta basatiak direla esaten zuen H.D. Thoreau idazle iparamerikarrak. Haren  obra osoan goraipatzen da naturaren indar traszendentea, eta gizakiak aske izateko duen behar eta eskubidea. Gizartearekiko loturen gainetik (edo azpitik), berezko duintasun bat aldarrikatzen zuen Thoreauk, eta  legeen gaineko Legea jarraitzera eraman zuen bizitza osoan. Ez zen "antisozial" bat izan, baina argi izan zuen beti norbanakoak ez zuela itsuki jarraitu behar gizarteak onartutako araudia. Bere garaian murgildurik, ez zion bizkarra eman orduko arazo larrienari, hau da, esklabutzaren iraupenari. Humanitatearen zati bati egindako injustiziak gizarte osoa bihurtzen zuen bidegabe, eta bere ahalegin guztiak injustizia horren kontra aritzeari eman zizkion. Ahalegin horien fruitu nabarmenena, Desobedientzia Zibilaren lehen manifestua, bere kartzelaldian oinarritutako testua, eta aurrerantzean bertze pentsalari eta ekintzaileen inspirazio iturri izanen zena.
   Thoreauk, halaber, naturarekin harreman zuzena eta bizia bilatu zuen, bai bere oinezko edo kanoazko bidaien bidez, edo baita ere bertan bizitza eginez. Basoa eta haren bizilagunak (bai animaliak eta bai landarean) ederki ezagutu zituen, eta gehienetan bere barride gizatiarren gainetik estimatu. Walden aintziraren inguruan bizitu zuen Thoreauk bere utopia berezia. Gizartetik gehiegi urrundu gabe, baina naturaren aintzinean egunak eta hilabeteak egin zituen bere buruaren laguntasunean; bertan izan zuen parada bi mundu hoiek biluztu, aztertu, eta nolabait bata bertzearekin alderatzeko, zubi lanak eginaz. Hala ere, bere konparaziotan, natura basatia beti da garaile gizartearen zakarkeri eta huskeriaren aurrean.

                                        *                                  *                                  *

   Thoreauren obra eskutara iritsi zitzaidanean, ba ziren urte mordo bat naturarekiko hautu hori egina nuela, beraz gozagarria izan zen hain testu freskagarriak neureganatzea. Esaldi bakoitzean aurkitzen nuen nire pentsaeraren isla, noski modu egokiagoan azaldua; eta horrela bihurtu zen, Montaignerekin batera, autore ezinbestekoa, zeinaren liburuak behin eta berriro arakatzen ditudan nire pentsamoldea sakontzeko.
   Ezagutza hau benetako plazerra bihurtu zen Antonio Casadoren eskutik. Thoreauren lana (eta bizitza) goitik behera ezagutzen zuenez, beti izan nuen jakinduria horren berri, oraindik papera eta tintazko harremana elektronikak desterratu ez zuenean.
   Beraz, kasi hogei urteko harremanaren ondoren, plazer neurrigabea izan zen zuzenean bere hitzok jasotzea, zeinetan bien arteko zaletasun honen inguruan jardun zuen Antoniok. Osaba Henry hizpide, ez da gutxi esan dezakena, eta ez da erraza ordubetean laburtzea hainbeste jakituria.









2013(e)ko otsailaren 3(a), igandea

Mozorroen Ordua: Ituren eta Zubieta inaute aroan


 Egunerokotasuna da herri txikietako altxor handiena. Mendeetako ahalegin eta nekeek islatzen dute irautearen grina iraunkor bat, bai arlo materialetan (baratzeak, etxebizitzak, hazienda, basoak...) eta bai giza jardueretan (familia, hizkuntza, jaiak, arau sozialak...). Urteak joan ahala, herritarrek erritu jakin batzuk behin eta berriz ospatu behar dituzte, izan direna aurrerantzean izaten jarraitzeko borondatea erakutsiz. Baina egunerokotasun horrek tirabirak eta kontraesanak sortzen ditu: urteetan zehar gordetako ezinikusi eta ezinesanak, norbanakoaren izaera lotsaz gordea, eta elkarbizitzak sortzen dituen gatazka izkutuak. 
   Tentsio hoiek kaleratzeko ba dute herritarrek tenore berezi bat: inauteak. Bertan, modu anonimoan bada ere, bakoitzak azaleratzen ditu bere muineko amorru, gorroto, maitasun eta beldurra. Debekuak eta aurreiritziak bertan behera utzi bezain laister, egun jakin batzuetako askatasun mugagabea dastatuko du herritar xume eta lotsatiak. Ausardiaz mozkortua, fantasiaren ametsa (edo amesgaiztoa) bizituko du azken mugak urratuz.


   Ituren eta Zubietara lehen aldiz hurbiltzen dena irudi ikoniko batzuen bila dator. Joaldunak aski ezagunak dira euskal izpirituaren isla gisa, ikuskizun teluriko edo etnologiko paregabea bilakatu dira aspalditik, agian Julio Caro Barojak aztertu zituenetik. Haien koreografia txukuna eta burrunba sakonak ez gaituzte axolagabe utziko. Herri bateko biztanleak pauso indartsuz aintzinera egiten: batzuentzat ez dago metafora ederragorik aberriaren martxa ideala irudikatzeko.



  Baina joaldunak ez dira festaren antzezle bakarrak; betiko postalaren edertasun simetrikoa hautsiz, bertze pertsonai berezi batzuk atzematen ditu bisitariak inondikan agertzen eta inorako norabidean. Postal bukolikoa amesgaiztoa bilakatzen da; ikono epikoak anabasari tartea uzten dio. Garbitasun koreografikoa objektu zikin eta zaharkituez inguratzen da, aurretik espero zen ikuskizuna ezusteko egoerataz betetzen delarik. 


   Mozorroek  ez dute koreografiaren beharrik, ez dira ibilbide jakin batetik joan behar, ez dute inor eta ezer errespetatzen; araurik gabeko espazio batean murgiltzen dira, agian arauz betetako egunerokotasuna gainditzeko. Behin aurpegia estalita, herritar xume eta lotsatiak bere muga guztiak hautsi eta kalea bereganatzen du, eraikile izatetik suntsitzaile bilakatzen da, batzuetan amorruaren bultzadaz, bertzetan lasaitasun beldurgarriz.


   Mozorroen erreinuak ez du legerik, bere arau bakarra parodian oinarritzen da; ispilu deformatu baten antzera, giza eginkizunak eta ezaugarriak karikatura gisa azaltzen dira: ofizioak, albisteetako pertsonaiak, animaliak, landareak, etxeko tresnak ez dira jada egunerokotasunean bezalakoak; alderantziz dabiltza, absurduaren eskuetan jirabira inutiletan kamuzten dira. Tresna bat ez da jada lan bakar batera mugatutako objektua, irudimenaren eta maliziaren menpeko arma bat baizik, segurtasun guztiak bortxatzeko asmoz erabilia izango dena.

   Trapu zaharren atzean, lasto-sasi-adaxka-goma-azal-lumazko maskararen atzean, ez da jada lotsarik, ez da betiko urruntasun zerutiarra atzematen; mozorroek kontaktua bilatzen dute, lehenbizi begiradarena, gero ukimenarena eta azkenik, horrela nahi ba da, usaimena eta entzumenarena. Eta kontaktu hori ez da beti onerako; ikuslea bere erosotasunetik ateratzea da helburua, comfort zone delakoa deuseztatzea.


   Banaka edo taldeka, mozorroek beti aurkitzen dute publikoaren neutraltasuna bortxatzeko modua. Beraien  ibilera erratikoarekin, soinean daramatzaten elementuekin, edo jaurtiketa bidez, ikusleak beti izango du mezu oldarti bat, mehatxu izkutu bat: gure lurraldean zaude, gure menpe zaude. Ustezko mugimendu lasaiak segituan bihur daitezke bultzada , besarkadak errautsezko hodei bat dakar, opari jangarrien atzetik dator ur parrastada. 



       Greziarrek πανικός bezala ezagutzen zuten basoak eta gauak sortutako izu gaindiezina. Mozorroek izu hori bilatzen dute bere "biktimetan"; ezezagunaren zirrara sakona, gaur egungo bizimodu seguruak ahantzarazitako indar naturalak aldarrikatzen dituzte: gorputz biluziena, animaliena, sexu grinarena, gorotzarena, heriotza edo zauriena... 





  Ikuskizun garbi eta enblematiko bat ikustera etorritako atzerritarrak, bertan aurkitzen du ezinegonaren unibertso oinazetsua, Hieronymus Bosch edo Grünewalden margo nahasietan sartu izan balitz bezala. Agian ez da berriro hurbilduko paraje demoniozko horretara. 
   Edo agian bai, batek daki.