2013(e)ko urriaren 3(a), osteguna

Hegaztiak poesian eta kantuan

   Urteak daramatzat kantuak biltzen eta berritxuratzen. Nire eskuetatik eta eztarritik milaka abesti pasa izan dira, bakoitza berezia, beti bizipen sakonekin zerikusia dutenak, nolabait nire kantuak izatera iritsi arte. Metaforen erreka oparoan edan izan dut, eta bigarrengo eskukoak izanda ere ez dira arrotzak, autoreak munduratzean besteengan bilatzen zuen enpatia hori niregan bete-betekoa izan bait zen.
   Irudi, tropo eta hizkuntza-jokoen barnean, ba dira beti errepikatzen direnak, eta hain ditugu barneratuak, ez garela ohartzen zein sakon eta borobilak diren. Horien  artean, dudarik gabe, hegaztiek dute leku apartekoa. Zer litzateke poesia hegaztien aipamenik gabe? Amets zoriontsu batetik aldeginak dirudite hegaztiak, gizatasun soila lur azalari loturik egon den bitartean, guztiz helduezina zitzaigun zerua ukitu eta zeharkatzeko gai zirenak. Aldi berean hauskorrak eta hilezkorrak, xumeak eta haundinahiak, gizakiaren aldaera eta emozio guztientzako badute ezaugarri nabarmen bat. Giza emozio bakoitzak, dela estuasun pertsonalen baitan edo dela gizarte mailako egoera,  badu isla berezia izaki hegalarien munduan. Behin hegaztiak ezagutzen eta bereizten hasi ezkero, gizakumeak beti aurkituko ditu bere eguneroko jardun eta gorabeherak ilustratuko dituen adibideak.
   Txepetxaren umiltasuna, enararen etengabeko bidaia, hontzaren azkartasun eta zuhurtzia, bele jendearen adimen ikaragarria, arranoen nagusitasun zerutiarra... Denak daude hor, begibistan, gure irudimena elikatzeko zai. Poetek, kantariek, armagabeko ehiztari lez, hegaztien arima erratua lapurtzen dute eta gure esku uzten, gerora metafora lumadunez ase gaitezen, hegaztiek baitute, guk jakin ala ez, giza bizitzaren giltza metafisikoa.