2011(e)ko urtarrila 18, asteartea

Txaro Zozaiakoa, In memoriam

   Noizbait gazte izan gara, eta mundua abenturaz eta misterioz betetako bide bat bezala irudikatzen genuen. Bakardadearen sakontasuna eta adiskidetasunaren erronkak berridatzi behar ziren egunero; egun bakoitzak ba zituen bere galderak eta bere erantzunak, eta haiei so bizi ginen, biharkoaz arduratu gabe baina geroa ereiten.
   Bihotzak arnasa hartu beharra zuen, eta mendietan barna bilatzen zuen perspektibaren bilakaera erradikala, sustraietatik gailurrak ukitzera eramaten gintuena. Hor, mendietan, Friedrichen kuadroetako atmosfera berritzailea bilatzen genuen, eta mendietan eta basoetan bere bizimodua laketzea lortu zutenei mirespenaren ordaina adierazi genien.
   Horrela iritsi nintzen Zozaiara, bakardadea bere soiltasunean dastatzeko asmoz, eta han aurkitu nuen Txaro, unibertso baten jabe, ingurune baten sortzaile. Etxea, baratzea, animaliak, dena zen kontakizun fantastiko baten antzekoa. Sutondoan kanta xumeak, hitz gutxitako esaldiak, hezetasunaren hozka gupidagabea... Zozaiara joatean, bakoitzak bere buruarekin zituen kontraesanak eta samindurak areagotu eta zorrozten ziren, baina aldi berean bizitzarekin hitzarmena sendotzen zen.
   Gero, etorri ziren bizitzako proiektu "serioak", umeak, maitasunak eta gorrotoak, baina beti lehenbiziko begirada garbi horren menpean.
   Lehenbizi heldu zena, lehenbizi joan da, baina bere irudimeneko pertsonaiak izaten jarraituko dugu...